Erakunde ezberdinak, organikoki bereiziak dira, baina antzeko ideologia eta helburuak partekatzen dituzte PCEr Espainiako Alderdi Komunista Berregituratuak eta GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistak. PCEr-k ideologia markatuagoa du, marxista-leninista (ildo estalinistakoa), eta GRAPOn komunistek, independentistek eta anarkistek ere -1980ko hamarkadan buruzagitzan aritu zen Paco Cela anarkista zen- dute kabida, oro har, antifaxistek. Poliziak eta hainbat hedabidek erakunde beraren bi aurpegi gisa edota bata bestearen adartzat aurkeztu dituzte beti. Bi taldeek, ordea, nork bere eremuan -bata politikoan, klandestinoki bada ere, eta bestea militarrean- ekiten dutela nabarmendu izan dute. Beren borrokari, oro har, antifaxista deritzote, eta herrien autodeterminazio eskubidean sinesten dutela esan ohi dute.
1968an OMLE Espainiako Erakunde Marxista Leninista sortu zuten Frantzian Espainiako hainbat etorkin eta errefuxiatuk, orduko PCE Espainiako Alderdi Komunistaren ildoarekin ados ez zeudelako. OMLEk PCEr-ri eman zion segida 1975eko ekainean, eta honen ingurutik sortu zen GRAPO.
Espainiako trantsizioa-ren jokotik at geratu ziren GRAPO eta PCEr, eta horrek Estatuaren miran jarri zituen.
2003an, aldiz, Baltasar Garzon epaileak PCEr-ren ekinbidea bertan behera uzteko ebazpena kaleratu zuen, nahiz eta taldea ordurako legez kanporatua zegoen.
Azken ekintza aurtengo otsailaren 6an egin zuen, Zaragozan (Aragoi). Handik egun batzutara kaleratutako agirian ohartarazi zuen «iraultza zerga ordaintzen ez dutenen aurka» ekingo zuela. «Iraultza zergaren helburua kapitalistek ebatsitako dirua langileei itzultzea» zela azaldu, eta Ana Isabel Herrero enpresaburuaren hilketa bere gain hartu zuen. Taldearen hitzetan, Herrerok zuzentzen zuen Arquitempo enpresa langileez baliatzen zen eta ez zituen haien eskubideak errespetatzen.
Bi taldeotako kide gehienak hainbat alorretako langileak dira, Galizia, Andaluzia zein Madril (Espainia), Herrialde Katalanak eta Hego Euskal Herriko industria guneetan sortuak.
Historian atzera eginda, lehen ekintza 1975eko urriaren 1ean egin zuen erakunde armatuak, Madrilen, eta lau polizia hil zituen, Franco diktadoreak agindu zituen azken fusilamenduen aurkako protesta gisa. Hain justu, egun hartan oinarritu zuen bere izena.
1976an taldeko ekintzaileek 30 bonba leherrarazi zituzten «instituzio faxisten aurka». Urte hartan, lehen militanteak hil zituen Poliziak, Sevillan (Andaluzia). Urtearen bukaeran, aldiz, Justizia Militarraren Kontseiluko presidente Emilio Villaescusa eta Estatu Kontseiluko presidente Antonio Maria Oriol Urkijo a bahitu zituzten, preso politikoengatik trukatzeko. Alabaina, 1977ko urtarrilean, Poliziak bahituak askatzea lortu zuen.
1979an PCEr-ko bi kide hil zituen Parisen Batallon Vasco-Español talde paramilitarrak, Francisco Javier Martin Eizagirre bizkaitarra eta Fernandez Cario. Urte berean, Madrilen, PCEr-ko Batzorde Nagusiko kide Juan Carlos Delgado de Codes hil zuen Poliziak.
Bestalde, GRAPOko 20 bat militante hil dira Poliziaren esku edo gose greban. Juan Jose Crespo Galende bizkaitarrak (1981ean) eta Jose Manuel Sevillanok (1990ean) hil arteko baraualdia egin zuten. Lehenak 94 egun egin zituen gose greban, eta bigarrena, hainbat hilabetez bortxaz elikatua izan ondoren, 177 egun zeramatzala zendu zen. Hain justu, aurtengo ekainaren 17an Galenderi omenaldia egin diote Abanto-Zierbenako Las Carreras auzoan (Bizkaia), haren heriotzaren 25. urtemugan.
Gerora ere gose greba ugari egin dituzte presoek, eta askok osasun arazo larriak pairatzen dituzte haien ondorioz.
Bitartean, GRAPOk gutxienez bitan jardun du Espainiako Gobernuarekin negoziazioetan. 1982an, PSOE alderdi sozialistak lehen aldiz hauteskundeak irabazi eta gutxira, su-etena eskaini zuen talde armatuak. 1983an Barne Ministerioko ordezkariekin negoziatzen aritu zen, baina ez zuen emaitzarik lortu. Gainera, hainbat ekintzailek armak utzi zituzten.
1996an, PP Alderdi Popularraren gobernua GRAPOrekin negoziatzen aritu zen. Alta, PPren asmoa hark armak uztea zen, eta talde armatuak horri uko egin zion.
Elkartasun taldeetako kideek salatu zuten Fiskaltzak akusatu guztiak GRAPOko kidetzat jo zituela, baita GRAPO eta PCEr talde bakarra balitz bezala hartzen ari zela ere. Nahasmena sortu eta ‘dena GRAPO da’ leloa zabaldu nahi dute, esan zuen SRIk, eta epaiketa 18/98 auzibidearen antzekoa zela nabarmendu.
Datua Atxilotzeak eta kartzelatzeak. 1975etik 3.000 pertsonatik gora atxilotu dituzte Espainiako eta Frantziako poliziek, ustez GRAPO, PCEr eta elkartasun taldeekin lotura dutelako. Haietatik 1.400 inguru kartzelatu dituzte. Egun, orotara 37 preso daude, 30 Espainian eta zazpi Frantzian. Horietatik 21 GRAPOkoak, 14 PCEr-koak eta bi SRI Nazioarteko Laguntza Gorria elkartasun taldekoak. Lau euskal herritar daude preso: Enrique Cuadra Etxeandia, Laureano Ortega eta Fernando Hierro eta Arantza Díaz Villar.
Erasoak. GRAPOk 300 bonba baino gehiago jarri, eta 3.000 ekintza armatu inguru egin ditu. Haatik, Espainiako Gobernuak dio soilik 545 ekintza direla.
Hilketak eta heriotzak. GRAPOk 60 bat pertsona hil ditu, gehienak Polizia zein Armada buruak. Poliziaren esku edota bonbak eskuetan lehertuta GRAPOko 20 kide hil dira. Gainera, Poliziak eta talde paramilitarrek PCEr-ko zazpi kide hil dituzte. Bi preso politiko gose greban hil dira.
Xose Lois Fernandez Che Vigokoa (Galizia) da. PCEr-ko kide historikoa izateaz gain, GRAPOn ere jardun zuen. Atxilotu zuenean paraplegiko utzi zuen Espainiako Poliziak, tiroz. Kartzelan Joseba Arregi ETAko presoa -Polizien torturek hila, 1981ean- bizirik ikusi zuen azkenetakoa izan zen.